Euskal dantzak

Internet-en, euskal dantzen inguruko informazio bila ari nintzela, web orri interesgarri batekin egin dut topo. Bertan Gipuzkoa eta Bizkaiko dantza ezberdinen berri izan dezakezue eta bertako herri eta auzoetan, data eta ospakizun berezietan egin ohi diren dantzen zerrenda ere aurki dezakezue. Honez gain, dantza horien inguruko bideo, musika eta argazkiak ere badira. Dantza ikasi nahiez gero ere, zenbait urrats nola egin behar diren ere azaltzen da.

Honako hau duzue web orria: www.dantzak.com. Nahikoa duzue gainean klikatzearekin.

Publicado en web orri interesgarriak | Etiquetado , | Deja un comentario

Argazki bilketa

Goruntz dantza taldearen 40. urteurrena ospatze aldera, ekintza eta asmo ugari sortu dira taldeko kide diren eta izan zirenen artean. Aurrez esana dugun bezala, uztailaren 9an ospakizun handia izango da Gabirian, bertan bilduko baikara dantza taldearen 40 urteko historia sortu eta osatu dugun dantzari gehienok.

Lehen aipatu ditudan ekintza edo asmoen artean, hauexek ditugu: dantza taldeko kamiseta eta zapiak salduko dira, uztailaren 9an izango diren jarduerak (bazkaria barne) prestatzen ere ari dira eta gainera, dantza taldearen lehen eta oraingo argazki eta jantzien erakusketak jarri nahi dira.

Baina horretarako argazki bilketa bat egin nahi genuke. Beraz, eskertuko genizueke etxean dituzuen dantza taldearen inguruko argazkiak ekarriko bazenizkigute, guztion artean argazki bilduma ederra osatuko genuke eta. Argazkiak berriro ere itzuliko dizkizuegu eta lasai ekarri!

 

Publicado en 40. urteurrena | Etiquetado , , | 1 Comentario

2010eko Gabiriako festak

2010eko Gabiriako festetan ere, urtero bezalaxe,  gure dantza taldeak bi saio ederrekin alaitu zuen herria.  Abuztuaren 15ean, Andra Mari egunean, erakusleek Euskal Herriko txoko ezberdinetako dantzak erakutsi zizkiguten. Hemen ikus daiteke saioaren zati bat, Goierri telebistak grabatua:

Gabiria, 2o1oeko abuztuaren 15a

Hurrengo egunean  (San Roke egunean), berriz, taldeko txikienen dantza saioa izan zen ikusgai Gabiriako plazan. Hemen duzue Goierri telebistak grabatutako bideoa. Klik egin besterik ez duzue:

Gabiria, 2010eko abuztuaren 16a


Publicado en Festak, Gabiria | Etiquetado , , | 1 Comentario

Gabiriako berriak biltzen dituen bloga sortu da

Gabiriako udalerriari (Gipuzkoa) buruzko informazioa zabaltzeko Interneteko  Gabiriarrak gunea sortu zen 2011ko otsailaren 3an. Herrian sortzen diren albisteak, gertakariak, oharrak, deialdiak eta bestelako jakingarriak ematea du helburu, eta gabiriarrak.wordpress.com helbidean aurkitu ahalko da. Gabiriako bizitza kulturala, soziala eta gainontzeko arloetakoa landuko du batez ere. Baita gabiriarrek han-hemen sortzen dituzten berriak ere.

Eguneroko prentsan, aldizkarietan, Interneten eta irrati-telebistetan argitaratzen diren albisteen jarraipena egingo du. Bestetik, herriko agenda, efemerideak eta leku interesgarriei buruzko atalak sortzen joango da aurrerantzean. Informazioa zabaltzeko tresna da, anonimoki eta pertsonalki egina, iritzi aurrejarririk gabea eta inolako interes ekonomikorik edo bestelakorik ez duena. Baina era berean zabala, irekia eta eraikitzailea, herriari buruz jakin nahi eta interesa duten guztientzat erabilgarri suerta dakien pentsatua. Gabiri, toki guztietatik agiri esaerari beste dimentsio batetik begiratzeko begiratokia da Gabiriarrak bloga.

 

Publicado en Gabiria | Etiquetado | Deja un comentario

Otsailaren 26an ez da entsegurik izango

Gure entseguen egutegian aldaketa txiki bat gertatu dela esan behar dugu. Otsailaren 26an dantza izango zelakoan geunden, baina Gabiriako rallysprint-a dela eta, entsegua uztea erabaki dugu. Izan ere, egun honetan jende asko inguratuko da herrira eta baliteke bakarren batek arazoak izatea entsegura etortzeko. Gainera, bertan honelako ikuskizuna izanik, ez genuke gure dantzariek hau galtzerik nahi. Beraz, hurrengo astera pasako dugu eta martxoaren 5ean bilduko gara berriro ere, arratsaldeko lauretan.

 

Publicado en Entseguak | Etiquetado , | 1 Comentario

Iraizotz

Gure dantza talde txiki honi buruz informazio gutxi badago ere, dagoen apurra  zuentzat eskuragarri jartzeko asmoz, Gabiria eta Ormaiztegiko Gazte Asanbladak (GOGAk) bere blogean idatzitakoa gure orri honetan ezarri nahi izan dugu. Halere, interesa duenak asanbladaren blogean bertan ikus dezake berria. Honako hau dio:

ULTZAMARA IRTEERA

Azkena igaro zen  udan, Gabiriko Goruntz dantza taldeari, Nafarroako Ultzama bailarako Iraizotz herriko festetan saio bat egiteko aukera sortu zitzaion. Aukera hau, zerbait berria zen Goruntzeko dantzarientzat, eta Nafarroako herri txiki honetan dantza egiteko aukera izateaz gain, festak zirela kontuan hartuta, bi aldiz pentsatu gabe asteburu pasa hara joatea erabaki zen. Horretarako, udaran zehar hainbat  dantza saio egin zituzten herriko gazteek, behar bezala prestatutik joateko.

2009ko irailaren 12an, 30 gazte inguruko koadrila batu zen Iraizotzera joateko gogo biziz. Hiru eta erdiak aldera abiatu ziren Gabiriatik Ultzamako ibarrera, bakoitza zeregin ezberdinekin. Batzuk dantzariak eta musikariak ziren, eta gainontzekoen lana, afaria bera prestatzea eta horretarako mahaia eraman eta prestatzea ziren, besteak beste. Beraz, azken finean, dantza taldearen irteera izan beharrean, herriko gazte guztien irteera izan zen, asteburu pasa ederra.

Bostak aldera iritsi ziren gazteak Iraizotzera, eta lehenik eta behin euren “kanpamentua” muntatzeari ekin zioten: kanpin dendak, kotxeak, afaltzeko mahaia… Hau egin ondoren, dantza egin behar zutenek beharrezko prestaketari ekin zioten: arropak jantzi, beroketak egin, azken entsaioak burutu…

Sei eta erdiak aldera ekin zioten Gabiriako dantzariek saioari. Dantzari guztiak eta musikariak, desfile moduko batean agertu ziren herriko plazara, aurretik “Goruntz Gabiria” idatzia zuen ikurrina bat zutela. Dantza saioak berak, ordubetetik gora iraun zuen. Esan behar da, Iraizotz herria txikia izanagatik ere, jende asko zegoela saioa ikusten, eta bertakoek ondoren esan zutenagatik, gustatu zitzaien gabiriarren dantza saioa.

Dantza saioa amaitu eta eztarria pixka bat freskatu ondoren, afaltzera joan ziren gazteak. Herriaren gaineko muino batean prestatutako mahaian afaldu zuten gabiriko gazteek, umore ederrean. Ondoren, afariarekin indarrak behar bezala berreskuraturik, herrira jaitsi ziren, festak baitziren. Gau horretan, bi taldeen kontzertuak zeuden, batetik, Nafarroako “El trono de Judas” punk taldea, eta bestetik, guztiok ezagutzen dugun Trikizio taldea. Beraz, esan beharrik ez, ederki pasatu zutela gazte gabiriarrek.

Gaua festa giro bikainean igaro ondoren, hurrengo egunean berriro ere herrira itzultzeko garai heldu zen. Beraz, gazteek dena jasotzeari ekin zioten, kanpin dendak, mahaia, zaborra… Guztia txukun antzean utzi ondoren, kotxeak hartu eta Gabiriara bueltatu ziren gazte gabiriarrak, bilobei sutondoan kontatzeko esperientzia berri batekin.

Publicado en Irteerak | Etiquetado , | Deja un comentario

40. urteurrena

Goruntz dantza taldea 1971. urtean sortu zen eta beraz,  aurtengoa gabiriarrok dantza eta musikarekin estuki loturik gaudenetik 40.a da. Urte guzti hauetan zehar dantzari ugari pasa dira taldetik eta aurten, taldearen urteurrena aitzakiatzat harturik dantza taldearen parte izan diren eta diren guztiak biltzea gustatuko litzaiguke.

Hau dela eta, dantza taldearen 40. urteurrena ospatzeko jai bat prestatzen ari gara. Uztailaren 9a izango da festa hori. Egun honetan,  gaur egun taldean dabiltzan dantzariez gain, aurretik Goruntzen ibilitakoak ere ikusi ahal izango dira beren gerri eta hankak mugituz, Gabiriako plazan.

Gainera, dantza taldean inoiz ibili ez direnei ere gurekin dantza egiteko aukera eman nahi izan diegu eta horretarako, entseguak prestatu ditugu.

Dagoeneko bilera batzuk izan ditugu egun berezi hori antolatzeko eta hainbat ideia atera dira bertan:

– Dantza taldearen izena daramaten zapi eta kamisetak salduko dira, festarako diru pixka bat lortzeko.

– Dantza taldearen inguruko argazki eta jantzi erakusketak jarriko dira ziurrenik, Gabiria, Ormaiztegi eta Ezkio-Itsason.

– Uztailaren 9-ko bazkarirako prestarekin ere buru-belarri dabiltza.

Hurrengo bileretan aipatutako puntuak ere blog honetan jarriko dira, informazioa guztiontzat eskuragarri izan dadin.

Publicado en 40. urteurrena | Etiquetado , | Deja un comentario